Bilaketa
eu - es - fr

Atal honetan Euskal Y-ren eta Abiadura Handiko Nafar Korridorearen ibilbide zehatzak ikusi ahal izango dituzu. Bi pausu hauek egitea besterik ez duzu:

  1. Google Earth programa jaitsi eta instalatu
  2. "AHT Euskal Herrian" fitxategia deskargatu eta ireki:

 


"AHT Euskal Herrian" fitxategia zabaldu orduko, honako irudi hau ikusiko duzu:

Pantailaren erdi-erdian, AHT-k Euskal Herrian egingo lukeen ibilbidea ikusiko duzu (Lapurdirako abiadura handiko linea berria salbu).


Pantailaren eskuinaldean, goialdean, nabigazio panela ikusiko duzu.

Horren gune zentrala erabiliz, irudian zehar aurrera eta atzera, ezker eta eskuin, egin ahal izango duzu; eskuinaldeko barraren bidez, irudia hurbildu eta urrundu ahal izango duzu; eta goialdeko barra erabiliz inklinazioa aldatu ahal izango duzu.


Azkenik, pantailaren ezkerraldeko zutabean, "AHT Euskal Herrian" karpeta kusiko duzu.

Berau zabalduta, lau karpeta berri ikusiko dituzu: "Euskal Herriaren mugak", "AHT-ren ibilbidea", "Kaltetutako udalerriak" eta "Hondakindegiak". Karpeta horiek, nahieran zabaldu, bildu, aktibatu edo desaktibatu ahal izango dituzu saguaren ezker botoia erabiliz. Karpeten gainean bitan sakatuta berriz, karpetetan bildutako edukirainoko "hegaldiak" burutu ahal izango dituzu. Kaltetutako udalerrien karpeten gainean bitan sakatuta esaterako, nabigatzaileak haietara eramango zaitu zuzen-zuzenean. Kurtsorea "Kaltetutako udalerriak" karpetan kokatuta eta segidan saguaren ezker botoiaz zutabe horren azpialdean dagoen "PLAY" sakatuta berriz, AHT-ren ibilbide osoan zeharko "hegaldia" burutu ahal izango duzu.

"AHT-ren ibilbidea" karpetan "Euskal Y" eta Abiadura Handiko Nafar Korridorearen ibilbideak topatuko dituzu. Bietan ere, behin betiko onartutako ikerketa informatiboek zehaztutako ibilbideak marraztu ditugu. Geroztik, arrazoi ezberdinak medio, ibilbidearen zati batzuek aldaketak jasan dituzte; aldaketa txikiak nolanahi ere.

Nafar Korridorea eta "Euskal Y"-ren arteko loturari dagokionez, orain arte ikertu diren bi alternatiben ibilbideak marraztu ditugu (E/H1 eta F/H2 alternatibak; "Nafar Korridorea-Euskal Y lotura" karpetan aukeran). Egun, hirugarren bat ikertzen ari dira Eusko Jaurlaritzaren eskariz, baina oraindik orain, ez dago horren plano zehatzik.

Lapurdirako linea berriaren egitasmoari dagokionez berdin; egun, hiru alternatiba dago mahai gainean, baina oraindik orain, ez dago haietako bakar baten plano zehatzik.

Kolore horiaz AHT lurrazalean joango litzatekeen ibilbide zatiak marraztu ditugu; urdinez, tunelak; eta gorriz, zubiak. Horiei dagokienez ohar bat: ibilbide zati guztiak, bai AHT lurrazalean lihoakeen zatiak, bai tunelak eta baita zubiak ere, lurrari "itsatsita" ikusiko dituzu, alegia; ez ditugu ez trintxerak "zabaldu", ez tunelak "zulatu" ez eta zubiak "eraiki" ere. Ez egin nahi izan ez dugulako; momentuz behintzat, Google Earth programak horretarako aukerarik eskaintzen ez duelako baizik.

"Kaltetutako udalerriak" eta "Hondakindegiak" karpetak aktibatuta berriz, AHT-k zuzenean kaltetuko lituzkeen udalerrien eta AHT-ren eraikuntzak sortuko lituzkeen hondakindegien ikonoak agertuko dira pantailan, hurrenez hurren. Atxondo, Elorrio, Aramaio, Luku, Beasain, Ordizia, Itsasondo eta Tolosako udalerrien kasuan berriz, aurreko horiez gain, mendi, auzune eta biaduktu jakinenak ere ikusiko dituzu. Ikono horietan sakatuta, informazio ezberdinak eskuratu ahal izango dituzu.

Udalerrien kasuan, AHT-k udalerri horietan eragingo lituzkeen kalteen inguruko azalpenak ikusiko dituzu. Oraingoz, udalerri bakar batzuen datuak baino ez dituzu aurkituko (i). Gainontzekoak, eskuratu eta landu ahala atxikiko ditugu.

 
ahtgelditu -abildua- ahtgelditu.org