Bilaketa
eu - es - fr

Zer da AHT? > Iritzia

 

Herritarren iritzia AHT-ri buruz

2007ko martxoan unibertsitateko irakasle talde zabal batek AHT-ri buruz egindako iritzi ikerketaren emaitzek erakusten dute jende gehienak ez daukala egitasmoaren inguruko informazio nahikorik, instituzioek emandako informazioa partziala eta interesatua izan dela eta ez dela herritarren parte hartzerako inolako biderik eskaini.

Zehazkiago, ikerketaren ondorioek garbi uzten dute, AHT-k zuzenean kaltetuko lituzkeen udalerrietako biztanle gehienek ez daukatela egitasmoaren inguruko informaziorik. Heren batek baino gehiagok ez daki, AHT eraikiko balitz, bere herritik bertatik pasako litzatekeenik ere, eta bostetik batek bakarrik daki zein tokitatik pasako litzatekeen.

Aipatu desinformazioak AHT-ri loturiko gai guztiei eragiten die: koste ekonomikoa, inpaktu ekologikoa… Datuak garbiak dira: herritarren gehiengo zabalak AHT-ren inguruan informazio gutxi edo batere ez duela esaten du.

Ikerketaren bigarren ondorioa da, herritar gehienek uste dutela instituzioek ez dutela egitasmoaren inguruko informazio nahikorik eman. Hamar pertsonatik batek soilik uste du informazio hori nahikoa izan dela. Aldiz, hamarretik zazpik uste du informazio hori ez dela nahikoa izan. Horrez gain, gehiengo absolutuak (%54) uste du, instituzioek emandako informazioa partziala eta interesatua izan dela, hots; ez dela inpartziala eta objektiboa izan.

Hirugarren ondorioa honakoa da: ez da biderik eskaini herritarrek egitasmoaren inguruan beren iritzia eman, eztabaidatu eta erabaki ahal izan zezaten. Alde batetik, herritarren gehiengo zabalak dio, administrazioek eskainitako bideak ez direla nahikoak izan. Bestetik, instituzioren batek inoiz egitasmoaren inguruko eztabaidaren batean parte hartzeko gonbita luzatu ote dien galdetuta, datuak ezin argiagoak dira: ia inori ez zaio halako aukerarik eskaini. Zehazki, galdekatutako 700 pertsonetatik bik soilik erantzungo dute Eusko Jaurlaritzak inoiz beren iritzia emateko gonbita egin diela. Gainontzekoek ez dute sekula halako gonbiterik jaso. Beraz, garbi dago, “Euskal Y”-ren egitasmoari dagokionez, instituzioek ez dietela herritarrei parte hartzeko biderik eskaini.

Laugarren ondorioa da, AHT egingo balitz, herritarren gehiengo zabalak ez lukeela inoiz edo inoiz erabiliko. Gutxiengo eskasa dira maiztasunez erabiliko luketela dioten herritarrek; ez dira %3-ra iristen, astean behin gutxienez erabiliko luketela dioten herritarrak.

Bosgarrenik, herritarrek AHT-ri buruz duten iritziari dagokionez, nabarmentzekoa da herritarren erdiak ez duela ez aldeko eta ez kontrako jarrerarik agertzen informazio gehiago beharko lukeelako gaiari buruz irizteko. Beste erdia, egitasmoaren kontrakoen eta aldekoen artean erdibiturik agertzen da, kontra direnak alde direnak baino apur bat gehiago badira ere.

Azkenik, herritarrek AHT-ren egitasmoaren inguruan duten informazio mailaren eta hari buruz duten iritziaren artean erlazio zuzena dagoela antzematen da. Oro har, informazio gutxien duten sektoreak dira AHT-rekiko aldekoen agertzen direnak. Informazio maila handitu ahala berriz (batez ere eraikuntza lanen koste ekonomikoari eta eragingo lituzkeen kalte ekologikoei dagokienez), handitu egiten da ere egitasmoaren kontra agertzen diren pertsonen ehunekoa.

 
ahtgelditu -abildua- ahtgelditu.org