Bilaketa
eu - es - fr

Herri galdeketak > Urbina

 

Urbina

Ezezko borobila eman zion Urbinako herriak AHT egitasmoari, 2006ko uztailaren 16an Urbinako herriak berak antolaturiko Herri Kontsultan. Anartean bertan erroldatutako hamazortzi urtetik gorako ehun eta hamabost pertsonetatik ehun eta zortzik  "EZ" erantzun zioten "AHTren alde zaude?" galderari. Altuxeago esan ahal da, argiago  nekez. Demokraziaren paradigma ederra egun hartan Urbina herriak eskaini ziguna. Zorionak urbinarrak!

Gerora ikusi denez, "goiko bulegoetatik" kasu handirik ez diote egin erabaki hari. Bozka hartatik hamar hilabetera lanak hasiak dira Luko aldean eta lehen bezain ilun edo areago ikusten dugu "munstro" horrek (espainiar gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta aldundiak eskuz-esku bultzaturiko munstroak) dakarkiguna. Esanak esan, azpijokoa, informazio eza, errepresioa (Arkaute eta Intxaurrondo koartelen ixpilua ematen du askotan Urbina-Luko bideak),… inposaketa bere bidean. Inoiz libratuko al gara halako mandatariez? Ez dadila ezerezean gal, gure esku dagoena behintzat.

Errolda Aldekoak Kontrakoak Zuriak Baliogabeak Partehartzea Data
115 %0 %100 %0 %0 %94 2006-07-16

Baina, nola iritsi ginen Herri Kontsultara?, nola ausartu ginen gure gobernante eskas horien erabaki arbitrarioari aurre egiten?, bada perogruiada iruditu ala ez, herriaren nahiari kasu eginez, beste barik. Bai, halaxe egin genuen: Urbinako herritar askok eurek izenpetutako idatzi bat helarazi ziguten herriko batzarkideei eta Herri-batzarrak AHTren aurkako ekimenak bere kargu hartzea eskatzen zitzaigun bertan. Idatzian argi oso adierazten zen herritarren kezka, ezezaguna bezain kaxkarra eta mingarria zen zerbait harrapaladan zetorkigula sumatuta (autopistaren hastapenekin oroituz, "non hintzen eta non hago"). Batzarkideok eskaera hori ontzat hartu besterik ez genuen egin. Urbinako Juntetxean elkartu ginen ondorengo bileran eskaera hori plazaratu genuen eta han Urbinako Batzarrak aho batez erabaki zuen AHTri buruzko Herri Kontsulta egitea. Legez betebeharreko epeak, datak, urna, baimenak eta papeletak nola lortu (bai eta papeletan zer idatzi ere), etabar… hartan eta ondorengo bileretan zehaztu genituen. Eginbeharrak bananduta gero, lanari ekin genion eta… iazko uztailak 16koa izan zen zorioneko emaitza. Oraingoz fruitu mardulik eman ez badu ere, hortxe baitago, Herriarengan sinesten duen edonoren esku, AHTri eta AHTren antzerako gehiegikeriazaleei aurre egiten laguntzeko.

Ez naiz asko luzatuko, Herri Kontsultaren zergatiak azaltzen. Herriari entzun behar zaiola denok esan ohi   dugu behin baino gehiagotan, ahobetez esan gainera. Baina zenbatek bete ohi du gero, esandako hori?, zenbatek? Gaur eguneko eusko jaurlaritzakoek eta beren konpintxe espainiarrek DESDE LUEGO QUE NO. Horientzat nire mesprezua eta zuentzat (inposaketa orori aurre egiten saiatzen zareten guziei) ene adeitasuna eta irriño zabala: AUPA, EZ ETSI!!   AHTrik EZ!!

Josu Ormaetxea Antepara, Urbinako alkatea. Araban, 2007ko maiatzaren 12an.

 
ahtgelditu -abildua- ahtgelditu.org