Bilaketa
eu - es - fr

Herri galdeketak > Itsasondo

 

Itsasondo

Iazko abenduaren 3an herri galdeketa egin zen Itsasondon, Udalak deituta, herritarrek AHTren egitasmoaren inguruan duten iritzia jasotze aldera. 525 herritarreko erroldatik %44ak parte hartu zuen galdeketan: horietatik 205ek eman zuten AHTaren aurkako botoa, beste 25 agertu ziren egitasmoaren alde, eta bi boto zuri ere izan ziren.

Udaletik bultzatutako partehartze prozesu zabal baten ostetik iritsi zen herri galdeketa. Hain zuzen ere, AHTrena Itsasondori bete-betean eragiten dion egitasmoa izanik, haren inguruan herritarrak informatzea, eztabaida irekia sustatzea eta herritarren iritzia jasotzea beharrezko ikusi zuen Udalak. Halaber, 2005. urtean eta Agenda 21aren baitan, herritar guztien artean adostutako Ekintza Planak jasotakoa ere aintzat hartuta jarri zuen martxan Udalak partehartze prozesua. Ekintza Plan hartan Itsasondo "biziago, txukunago eta justuago" bat lortzeko aurrera eraman beharreko hainbat ekimen zehaztu zituzten herritarrek; ekimken horien artean dago, herritarrek hala eskatuta, AHTren inguruko jarraipen zuzena egitea eta herritarrek partehartze prozesuak egiten jarraitzea.

Errolda Aldekoak Kontrakoak Zuriak Baliogabeak Partehartzea Data
525 %10.8 %88.8 %0.4 %0 %44 2006-12-03

Hala, bide horretatik aurrera egitea erabaki zuen Udalak, helburu bikoitzarekin: AHTren inguruan herritarrak informatu eta eztabaida bultzatzea batetik, eta Udalaren jarduna modu partehartzaileago batean artikulatzea, bestetik.

Partehartze prozesuaren baitan hiru herri batzar egin ziren Itsasondon: lehenengoan, prozesuaren aurkezpena egin eta herriko talde desberdinekin –gazteak, emakumeak, guraso elkartea, baserritarrak, jubilatuak...- elkarrizketak egiterko egunak zehaztu zituzten; bigarrenean, AHTren inguruan sortutako kezka eta zalantzei buruzko eztabaida egin zuten herritarrek; eta hirugarrenean, AHTk Itsasondon izango lukeen eraginaz eztabaidatu zuten, balizko ondorio baikorrak zein ezkorrak baloratuz.

Halaber, eta herritarrak informatzeko xedearekin, bi hitzaldi eta mahaingurua egin ziren ere. Lehen hitzaldia AHT Gelditu! Elkarlaneko Mila Elorzak eskaini zuen, egitasmoaren aurkako arrazoiak agertzeko. Bigarrena, berriz, Xabier Ezeizabarrena Donostiako EAJko zinegotzi eta ingurumen gaietako abokatuak eskaini zuen, AHTren aldeko argudioak azaltzeko. Bi ikuspegien arteko eztabaida egiteko asmoz, halaber, mahai ingurua antolatu zen eta bi lagun gonbidatu zituzten; Iñaki Barcena EHUko irakaslea, egitasmoaren aurkako iritzia duena, eta Xabier Ezeizabarrena, aldeko jarrera ager zezan. Ordea, ordukoan Ezeizabarrena ez zen mahaingurura joan.

Prozesu horren ondotik iritsi zen abenduko herri galdeketa. Botoa eman zuten herritarren gehiengo zabal batek eman zion ezezkoa AHTren egitasmoari. Horixe da Udalak, prozesuaren alde baikorren eta ezkorren balantzea egiterakoan, balantzaren alde positiboan jartzen duen ondorioetako bat. Herritarre partehartzea eta agertutako interesa ere baikortzat jo ditu Udalak, AHTk Itsasondon sortzen duen kezkaren erakusle dela iritzita. Prozesuak, halaber, Udalaren ustez garbi utzi du egitasmoaren aurkako iritzia plurala dela, eta edozein alderdi politikori botoa ematen dioten herritarrak daudela egitasmoaren aurka. Alde ezkorren artean, berriz, egitasmoaren aldeko iritzia ematera gonbidatutako pertsonen partehartzea lortzeko zailtasuna aipatu diotu Udalak. Izan ere, haren hitzetan, mahaingurura joateko asmoa agertu bazuen ere, Ezeizabarrena ez zen hitzordura azaldu. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Herrilan sailburu Nuria Lopez de Gereñuri ere egin zion gonbidapena udalak, Itsasondoko zatiari dagokion eraikuntza egitasmoaz herritarrei informazioa emate aldera. Ezezkoaz erantzun zuen sailburuak. Udalak jakinarazi duenez, honakoa izan zen Lopez de Gereñuren erantzuna: “Ez gaude Euskal Trenbide Sare Berria egin behar den ala ez erabakitzeko unean. Euskal gizarte osoaren borondateari jarraiki euskal erakundeek erabaki hori hartua dute dagoeneko”. Itsasondoko zatiari dagokion eraikuntza egitasmoari buruz, berriz, “amaitzear” zegoela erantzun zuen sailburuak, Udalaren arabera.

 
ahtgelditu -abildua- ahtgelditu.org