Bilaketa
eu - es - fr

Herri galdeketak > Gasteiz

 

Gasteizko kontzejuak

Abiadura handiko trenaren inguruan herri galdeketa egitea erabaki zuten Gasteizko udalerrian biltzen diren 18 herritako kontzejuk. Herritarren iritzia jasotzeko hitzordua iazko urriaren 29an jarri zuten herriotako biltzar administratiboek. 500 bat biztanle (erroldako hiru herritarretatik bat) hurbildu ziren egun horretan hautesontzietara, eta argi mintzatu ziren: botoen %90 AHTren aurkakoak izan ziren; %4 abiadura handiko trenaren aldekoak; eta %6 baliogabeak. Galdeketa azpiegiturak zuzenean kaltetutako herrietan egin bazen ere, elkartasun keinu gisa emaitzarekin bat egitea erabaki zuten Gasteizko udalerrian dauden herri txiki guztiek, 63k, orotara.

Urriko lehen astean batzarra antolatu zuen Gasteizko kontzejuen Elkarteak (ACOVI), Gasteiztik igaroko den AHTren egitasmoa aztertzeko. Abiadura handiko trenak kaltetu ditzakeen 20 batzar administratiboetako alkateak bildu ziren bertan, egitasmoari buruzko informazioa jasotze aldera. Hartarako, ACOAk (Arabako Kontzejuen Elkartea), UAGA sindikatuak eta Eguzki talde ekologistak osatutako Araban NO TAV plataformako ordezkariak gonbidatu zituzten batzarrera. Hiru ordutik gorako bileraren ostean, hilaren 29rako herri galdeketa antolatzea erabaki zuen batzarrak.

Estarroan, esaterako 120 lagun zeuden deituak iritzia ematera, hartarako prestatutako txokoan. ACOVIko lehendakari Miren Fernandez de Landak adierazi zuenez, “herritarren erantzuna ezinhobea izan da; jendeak mezetara zihoala aprobetxatu du hautesontzietara hurbildu eta iritzia emateko”. Gauza bera egin zuten Gamarrako bizilagunek, urriaren azken asteburuan izaniko udagiroa baliatuta.

Herritarren iritziari zor zaion errespetuagatik, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari AHTren lanak gelditzeko eskatu zieten galdeketaren antolatzaileek, “benetako informazioa eta eztabaida prozesua zabaldu bitartean, gutxienez”. Herri galdeketaren emaitzak aurkezteko agerraldian bertan egin zuen eskea Fernandez de Landak. “Egitasmoa oraindik ez gauzatzea exijitzen dugu, herri honen historian inbertsiorik handiena eskatuko duen egitasmoaren inguruan behar bezalako informazioa eta eztabaida egin arte”.

Erakunde horiek herritar eta kontzejuekiko izan duten jarrera arbuiatu zuen, halaber, Fernandez de Landak. Azaldu zuenez, hilabeteak eman zituen AHTk Gasteiz inguruko herrietan eragingo dituen kalteei buruz informazioa eskuratu nahian, baina informazio zehatza lortzea “ezinezko” egin zaiola azaldu zuen. Halaber, elkarteak antolatutako bi mahai-inguruetan parte hartzeari uko egitean “lotsagabekeria eta errespetu falta ikaragarria” erakutsi zuten Eusko Jaurlaritzako Gizarte eta Herri Lan Sailak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak, elkarteko lehendakariaren ahotan. Elkarteak Arabako 63 herritako administrazio publikoak biltzen dituela gogoratu, eta kontzejuak “demokrazia parte-hartzailearen eredurik onena” direla iritzi zion. Hartara, egitasmoa Madrildik “inposatutakoa” dela kontuan hartuta soilik uler daiteke instituzioen jarrera, ACOVIren ustetan. “Antza, lotsa ematen die espekulatzaileek eta interes ekonomikoek babestutako egitasmoaren babesle gisa agertzeak”.

 
ahtgelditu -abildua- ahtgelditu.org