Bilaketa
eu - es - fr

Herri galdeketak > Angiozar

 

Angiozar

AHT-ren gainean iritzia emateko bide desberdinak baliatu ditu orain artean Angiozarko Herri Batzarrak –proposamenak, alegazioak...–, beti ere jarrera kritikoa azalduz egitasmoarekiko. 1995ean Bergarako Udalarekin eta Deba Goieneko Mankomunitatearekin batera alegazioak aurkeztu zizkion PTSari. Gauza bera egin zuen Angiozarko bailarak berak geroago. 1998an egitasmoaren aurkako sinadura bilketa egin zuten Angiozarren. Halaber, AHT-ren ibilbidearen erdian geratuko litzatekeen Eduegi baserria monumentu izendatzeko eta Eusko Jaurlaritzaren babes berezia lortzeko eginbideak hasi zituzten. 2001ean Bergaratik Angiozarrerainoko martxa egin zuten ehunka lagunek egitasmoa arbuiatzeko.

Era berean, bere sorrerarik AHT Gelditu! Elkarlaneko kide izanik, etxez-etxe egitasmoaren gainean duen informazioa banatu izan du Angiozarko Herri Batzarrak.

Errolda Aldekoak Kontrakoak Zuriak Baliogabeak Partehartzea Data
248 %2 %94 %4 0 %84 2007-07-01

AHT-ren egitasmoaren berri izan zuenetik, proiektuaren gaineko informazioa jasotzen ere ahalegindu izan da Angiozarko Herri Batzarra. Dena den, eta ahalegin guztiak eginda ere, Herri Batzarrak salatu duenez “gaur da eguna obrak hasita daudela Araban, eta guk Angiozarren oraindik ez dakigu proiektu zehatza nondik nora joango den, zein egoeratan geratuko diren ibilbidean dauden baserriak...”.

Horiek horrela, 2007ko udan, herritarrei iritzia emateko aukera eskaini asmoz, beste urrats bat egin zuen Herri Batzarrak; herri galdeketa antolatu zuen uztailaren lehenerako, Batzarrerako hauteskundeen egun berean. Galdeketa baino lehen, bilerak egin ziren auzo guztietan, informazioa zabaldu eta herritar guztiek iritzia ematearen garrantzia nabarmentzeko. Itsasondoko eta Atxondoko Udalekin harremanetan jarri zen Herri Batzarra, galdeketa nola antolatu zuten eta zein galdera egin zuten jakiteko.

Uztailaren lehena iritsita, parte hartzeko aukera zuten 248 herritarretatik 208 hurbildu ziren botoa ematera. Emaitza ezin argiagoa izan zen: 195 Angiozartarrek ezezkoa eman zioten AHT-ri eta lau aldeko boto baino ez zituen jaso egitasmoak. Beste zortzi lagunek boto zuria eman zuten, eta boto baliogabe bat ere izan zen.

 
ahtgelditu -abildua- ahtgelditu.org