AHT gelditu! Elkarlanak gogor salatu du Ordizian lanak hasi izana eta ordubetez gelditu ditu
Gaur goizean, 11:30ak inguruan, hogeita hamar bat lagunek Ordizian hasi berri dituzten “Euskal Y”aren lanak gelditu dituzte ordu bete inguruz. Ekimen horrekin, gogor salatu dute obren hasiera, gainera, besteak beste, herritarrek aurkezturiko 2.000 alegazioei erantzunik eman gabe eta lurjabeei gutxieneko bermeak ematen dizkien akten altxamendua egin gabe hasi baitituzte.
Ordizian oso era irregularrean hasi dituzte obrak. Gaur goizean, ordea, ordu betez gelditu behar izan dituzte, hogeita hamar bat laguneko talde batek horixe salatzeko egin duen ekimena dela eta. Bertan geratu dira eta Ertzaintza iritsi denean, banan-banan identifikatu dituzte guztiak.
Argazkien egilea/autor de las fotos: Eduardo Ortiz.
Hona hemen obren hasiera hori dela eta AHT Gelditu! Elkarlanak helarazi nahi izan duen mezua:
AHT Gelditu! Elkarlanak Ordizian lanen hasiera salatu eta maiatzak 25 igandean obretara martxa deitu du
AHT Gelditu! Elkarlanak gogor salatzen du Ordizian “Euskal Y”-aren lanak hasi berri dituztela. Honen aurrean maiatzak 25 iganderako obretara martxa antolatu dugu, proiektuaren aurka dagoen jende guztiari, herri-mugimenduari, protestarekin bat egiteko deia eginez, bai Eusko Jaurlaritzari eta baita Espainiako Sustapen Ministerioari berehala lanak gelditu ditzatela eskatzeko. Gaurtik bertatik hasita eta maiatzaren 25ko martxaren bitartean, Goierrin eskualdeko ekimenak egingo dira eta Euskal Herri osoko herri gehiagotan ere elkarretaratzeak izango dira. Erantzun honek hurrengo asteetan ere segida izango du, eta Elkarlanak maiatzaren 31n Donostian antolatu duen manifestazioaren ondoren, Goierriko lantegietan lanuztea eta Beasain-Ordizia artean manifestazio bat deituko dira.
Ordizian lanak hasi dituzte, bai. Eta ez nolanahi, gainera: duela hiru aste eskas herritarrek aurkeztutako 2000tik gora alegazioei erantzunik eman gabe, lurjabeei txantaia eta presio eginez, irregularitateekin, akten altxamendua egin gabe, lanen ingurunea poliziaren presentziaz betez, Mariaratseko bailara kaltetua hartuta eta jendea ibiltzea debekatuta dute … Maiatzaren 6an obrarako sarbide eta pistak zabaltzen hasi da hondeamakina bat. Obren hastapen horrek jada kalte nabarmenak eragin ditu. Eta gutxi balitz, une batetik bestera obrak areagotzeko makinatzarrak sartu ditzakete.
Hau al da Gelditour ekimenari eta proiektuaren inguruko informazio eta eztabaida eskaerei Eusko Jaurlaritzak ematen dien erantzuna? Oso larria iruditzen zaigu dena, eta egoeraren larriak bultzatzen gaitu berriz ere AHTren kontra mobilizaziora dei egitera.
AHT gelditzeko bidean herri mugimenduak beste urrats bat emateko garaia dela uste dugu, une erabakiorra delako. Hala, azpiegitura honen aurkako indarrak, oposizio zabala eta anitza dena, bilduz jarraituko dugu, eta aldi berean desobedientzia aktiboa jarriko dugu martxan, proiektu honen aurka denok desobediente bilakatuko gaituena. Gure jarrera hori izango da proiektu txikitzaile eta desarrollista honen aurrean: desobedientziazkoa eta aktiboa. Eta lehengo astean Nuria Lopez de Gereñu garraio sailburuak zioen zangotraba eta oztopoak jartzen segituko dugu; AHTri behin betiko frenoa jarriz, gelditu arte.
Horregatik guztiagatik, AHT Gelditu! Elkarlana osatzen dugun auzo-elkarte, herri-mugimendu, sindikatu, alderdi politiko, talde ekologista eta eragileek jende guztiari maiatzaren 25 igandean Ordizian obretara egingo den martxara biltzeko deia egiten diegu. Eguerdiko 12etan herriko arboledatik abiatuta egingo da martxa hori, ahal bezain ozenki eta indarrez lanen hastapenari EZ esateko.
Desobedientzia jarreraz AHT geldituko dugu!
AHT GELDITU! ELKARLANA
+ Info:
(Berria)
(Gara)
(Deia)
(DNG)
(El Correo)
This entry was posted on Osteguna, maiatza 15th, 2008 at 4:25 pm and is filed under Agenda, Albiste nagusiak, Mobilizazioak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


on maiatza 20, 2008 at 4:37 pm Maiatzak 25ean Obretara Martxa Ordizian | AHT gelditu! Elkarlana wrote:
[…] AHT gelditu! Elkarlanak gogor salatu du Ordizian lanak hasi izana eta ordubetez gelditu ditu […]
on maiatza 21, 2008 at 9:23 pm AHT Gelditu! wrote:
Bilbotik autobusa aterako da. Apuntatzeko Ekoetxean: