Bilaketa
eu - es - fr

AHT-ren aurkako arrazoiak


AHT-k konponezinezko kaltea egingo dio Ama Lurrari:

Barrera efektua, zarata ikaragarria, paisaiari eraso bortitza, lurren okupazioa, akuiferoen suntsiketa, energia kontsumoaren biderkatzea, hondakinentzako hamaika zabortegiren sorrera, balio ekologiko handiko ekosistemen kaltetzea...

AHT-k lurralde desorekak areagotuko ditu

Izan ere, hiriburuen arteko lotura besterik ez du egingo, hirietan aglomerazioa bultzatuko du eta kalte larriak eragingo dizkie nekazaritzari eta oro har herrietako eta nekazal eremuko bizi-modu eta bizi-kalitateari.

AHT-k tren garraioa zerbitzu publiko eta unibertsala delako kontzeptua lurperatu egiten du

Guztiok ordainduko dugu baina, aurreikusitako ibilbide eta salneurriak aintzat harturik, gutxi batzuek soilik erabili ahal izango dute.

AHT-k errentaren banaketaren eta gastu sozialaren murrizketa eragingo du

Izan ere, AHT gure herrian inoiz ikusitako azpiegitura handiena eta garestiena da. -Euskal Y--ren azken gastua 6.000 milioi euro ingurukoa izango da, hots; Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren 24 urterako aurrekontua; Kultura Sailaren 25 urterakoa; Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 40 urterakoa! Dirutza horrekin, populazio osoarentzako kalitatezko garraio publikoa finantzatu eta beste behar sozial askori erantzun lekieke. Alabaina, behar sozial horiek soluziobiderik gabe geldituko dira AHT burutzen bada.

AHT-k ez ditu egungo trafiko eta garraio arazo larriak konponduko

Izan ere, batetik, hirietan bakarrik geldituko da eta ondorioz ez ditu eskualde barruko joan-etorriak (eguneroko joan-etorrien %97) ahalbidetuko. Eta bestetik, ez dio gure errepideetan gora eta behera dabilen kamioi kopuruaren urteko hazkuntzari ere aurre egingo. Egiazki, AHT, autopista, superportu, plataforma logistiko eta abar luze bat biltzen dituen azpiegitura plan erraldoi baten parte da; negozio den heinean, garraioaren hazkundea mugagabeki bultzatzea helburu duen plan baten parte, alegia. Horiek hala, AHT-k ez du errepideetako butxadura arinduko, alderantziz baizik; aipatu azpiegitura plan erraldoi horren parte den heinean, berau areagotu egingo du.

AHT-k prekarietate laborala areagotu eta deslokalizazio industriala erraztu egingo du

AHT bezalako garraio azpiegitura erraldoiek zeresan handia dute ekonomiaren eta merkatuen nazioartekotzean eta globalizazioan eta, ondorioz, baita haien ondoriozko prekarietate laboralaren eta deslokalizazio industrialen areagotzean ere. AHT-k zerbitzu sektorearen nagusitasuna indartu egingo du lehen eta bigarren sektoreen kaltetan eta merkantzien joan etorri soilerako lurralde-eremu bilakatuko du Euskal Herria. Hartara, Euskal Herriaren menpekotasun estrukturala areagotu eta burujabetza ekonomikorako aukera urrundu egingo du.

AHT neoliberalismoaren adibide esanguratsua da

AHT, gero eta desoreka ekologiko eta ezberdinkeria sozial eta genero ezberdinkeria handiagoak bultzatzen dituen eredu ekonomiko eta soziala indartzera dator.

AHT inposizioaren sinonimo da

AHT-ren egitasmoa batere informazio gardentasunik gabe eta udalerrien zein herritarren interesak, nahiak eta borondatea aintzat hartu gabe jorratzen ari dira. Beste behin ere, informazioa propagandarekin ordezkatu dute eta herritarren parte hartze eta erabakitze eskubidea automatikoki baztertuak diren helegiteak aurkeztu ahal izatera mugatu dute. Gehiengo sozial eta sindikalak AHT gelditzea eskatzen du, baina PNV, UPN, UMP eta PSOE-k zuzenduriko administrazioek entzungor egiten jarraitzen dute. -Euskal Y--ren eraikuntza lanei ekinez, Lapurdirako linea berriaren egitasmoari bultzada berria emanez eta Abiadura Handiko Nafar Korridorearen aldeko apustu itsua eginez, bai frantziar eta espainiar estatuek eta bai Gasteiz eta Iruñeako Gobernuek, beste behin ere, indar frogaren, egite kontsumatuen politikaren eta inposaketaren aldeko hautua egin dute.
 
ahtgelditu -abildua- ahtgelditu.org